Erreflexoterapia

Erreflexoterapia Tailerra (Mutriku)
Oinak asko esaten dute norberari buruz. Eskuak, aurpegia… mozorrotu egin ditzakegu, gure benetako izaera ezkutatuta; baina oinak zapatetan ahaztuta egoten dira. Pazienteei, erakusteko eskatzen diegunean, lotsatu egiten dira asko. Neurri handi batean, pertsona horren izaera ageri-agerian geratzen delako oinetan.
Edozeinek eman edo jaso dezake oinetan masajea, prestakuntza berezirik barik; atsegina izateaz gain, pertsona biren arteko komunikazioaren lagungarri paregabea da. Printzipioz kalterik egiteko arriskurik ez dago, nahiz eta hobeto den ez egitea minbizia, infekzioak edo zirkulazio arazoak dituzten pertsonekin, baita haurdunaldietako lehenengo bost hileen barruan edo min handia hartzen duten pertsonekin.
Orokorrean, hauek dira erreflexoterapiaren onurak: toxina-kanporatzea bultzatzen du (saioen ostean normalak dira depurazio sistemen erantzunak, esate baterako izerdia, negarra, logura… ); analgesia ahalmen garrantzitsua du (minaren pertzepzioa gutxituz) eta lasaitze efektu sakona du nerbio sisteman. Hala ere, terapeuta trebe baten eskuetan hori baino askoz ere gehiago lor daiteke. Izan ere, min puntualak sintomatikoki tratatzeko aukeraz gain, erreflexoterapia lanabes aparta da gorputz eta gogoaren esfera osoa manipulatzeko, bideo-joko batean joystick bat eskuetan izango bagenu bezala. Ulertuko duzue hau arriskutsua izan daitekeela gorputzeko sistema bakoitzaren eginkizuna eta egoera ondo ezagutu ezean, beraz arazo larri bat duen pertsonarekin ez ibili jolasean, eta bidali fisioterapeutarengana.
Oinetako masajearen erabilera terapeutikoa antzinatik erabili izan da kultura askotan. Europa aldean berriz, orain dela gutxi ezagutzen da: Fitzgerald-ek sistematizatu zuen 1913an, lehenengo kartografiak eta ikerketak eginda. Funtsean, erreflexoterapia oinazpiko azalean kokatutako eta gorputzeko atal guztiekin lotura duten guneak erabiltzea da. Gorputzeko atal bat gaixotzen denean, dagokion oinetako azal gunea aldatzen baita, eta bertan eraginda gorputzeko atal horren arazoa trata dezakegu. Terapia erreflexuaren eraginkortasuna enpirikoki dago frogatuta: osasungintzan onartu xamarra badago ere, bere eragiteko bidea ez da oraindik zientifikoki frogatu.

Oinetako masaje erreflexuan, fisioterapeutok puntu mingarriak hartzen ditugu kontuan; baina puntu bat mingarri izateak ez du esan gura dagokion gorputz atala gaixorik dagoela. Badira berez mingarriak diren puntuak, ondo egonda ere. Kontuan hartzen diren beste gauzak maskurrak, juanikoteak, behatzetako azazkalak, tenperatura, izerdia eta artikulazioen hotsak dira, gorputzaren arazoei buruzko informazioa ematen baitute. Oinaren deformazioek dagozkien gorputz ataletako arazoak seinalatu ohi dituzte, nahiz eta alderantzizko bidea nekez gertatzen den; esate baterako, katu-behatzak (arkuan) sarri aurkitzen ditugu bekokiko sinuetako, lepoko ornoetako edo hortz-haginetako arazoekin; oin planoak bizkar hezurreko eta digestio aparatuko arazoekin lotuta daude… eta abar.  Masaje erreflexua etzanda egiten da gehienetan, giro egokian: lasaitasuna, arropa erosoa… Pazientearen aurpegia beti bistan izaten dugu, gerta daitezkeen aldaketak ikusteko. Bere iraupena oso aldakorra da, helburuen araberakoa baita. Terapeutok ere postura eta erosotasuna zaindu behar izaten dugu, masaje mota honetan gertatzen den energia trukea bereziki intentsua baita… baina horiek profesionalen kontuak dira. Gogoratu arazo larririk egon ezean, nahikoa izango dela oinak garbitzea eta batak bestearen altzoan ipintzea (txandaka; ez dezala, gero, beti batek egin!). Gaur gauean egin proba, telebista aurrean, esate baterako: gozatu ederra hartuko duzue.

Gaur8rako, 2010ko Otsailaren 12a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*