Fisioterapia ginekologikoa?

Argazkiak.org | Fisioterapia ginekologikoa © cc-by-sa: txikillana

Fisioterapeutak modan gaude; artikuluak, txostenak, elkarrizketak, hitzaldiak… Pixkanaka presentzia handiagoa dugu gizartean eta, orain arte ez bezala, masajea eta beste terapia fisikoen eskari handia unibertsitatetik irtendako profesional egokiekin asez doa. Hala ere, nahiz eta denok gure izena bolo-bolo darabilten, benetan egiten duguna ez da hain ezaguna. Norbaiti gure eguneroko lana zein den galdetuz gero, inor gutxik aipatuko dizu ezer masajeetatik, elektroterapiatik eta ultrasoinuetatik aparte.

Hau normaltzat har dezakegu, izan ere, gure lanbide honek denbora gutxi darama medikuntza arlo orokorretik berezita. Hasierako urteetan, gutxi ginen fisioterapeutak eta, ondorioz, kasu larrienekin lan egitera mugatzen ginen: hezur hausturak, tendinitisak, bizkarreko min akutuak, istripuak… Hain zuzen ere, hortik dator gizarteak gutaz duen ikuspegia. Honezkero baina, unibertsitatetik promozio asko atera dira eta ateratzen jarraituko dute. Horregatik, XXI. gizaldian, fisioterapeutak kasu larrien eremua gainditu dugu eta terapia fisikoekin beste eremuetan sartzen hasi gara: bihotzeko arazoak, digestiokoak, hormona desorekak, buruko minak, masailezurra… Halaxe gertatzen da ere ginekologia arazoekin.

Emakumearen bizitzan, garrantzi handia du hormona ekoizpenak, izan ere, honek markatuko du noiz hasi eta amaitzen den bere ernalkortasuna. Ginekologia arazoak edonoiz ager daitezkeen arren, haurduntza eta erditzean askoz ere sarriago gertatzen dira. Umea kanpora ateratzeko egin behar izaten diren esfortzuen ondorioz, pelbis hezurra azpitik ixten duen periné edo estalki muskulu-fibrosoa eten egiten da; puntu famatuak eman ondoren, orbain bihurtuko dira. Gainera, erditzean konplikazioak egon badira (oso erditze luzeak, haurrak pasatzeko lekurik ez, kirurgia edo instrumentala erabili beharra… ), azaleko giharretako arazoez aparte, zauri sakonak ere egon daitezke: zesareak, uteroa posizio txarrean geratzea, erraiak elkarri pegatzea, pelbis eta sakro hezurren desorekak…

Desoreka hauen ondorioz, orbainek tira egiten dute; pelbis eta sabeleko muskuluak ahuldu egiten dira; pixa edo kakari eusteko arazoak sarri agertzen dira. Fisioterapeutak terapia fisikoak erabil ditzakegu arazo hauei guztiei aurre egiteko: orbainak bigundu, muskulu ahulak sendotu, itsatsita dauden erraiak libratu… Horretarako, esku terapiak, ariketak eta arnasa erabiltzen ditugu nagusiki. Gehienetan emaitza onak izaten diren arren, emakume gutxik eskatzen duten zerbitzua da, jendeak ez baitu ezagutzen fisioterapiaren alderdi hau.

Kontuan hartu behar dugu baita ere, lehen ez zeudela gaur lako baliabideak. Emakume batek hamar-hamabi ume izan zitzakeen: bati titia kendu orduko hurrengoa jaioko zen, eta ez zuen izango bere burua zaintzeko aukerarik. Horretara, erditu osteko arazo guztiak isilpean gordeko zituen: doministikua egitean pixak ihes egiten bazion, adibidez, trapu bat sartuko zuen eta aurrera. Gaur egunean ume gutxiago izateaz gain, askoz ere osasun zerbitzu hobeak ditugu: emakume batek ez ditu zertan horrelako arazoak jasan behar. Perine arazoak aipatu ditugu, horiek baitira gehien ikusten ditugunak; hala ere, emakume haurdunak arazo gehiago izaten ditu, eta haietan ere lagun dezake terapia fisikoak, mastitis (esne hodiak libratzea) eta hormona desoreketan (erditze osteko depresioa), esate baterako. Bestalde, ginekologo eta emaginekin elkarlanean, prestakuntza ematen diegu haurdunei erditze egokia izan dezaten, eta, umea izan ostean, ariketak erakusten dizkiegu bere onera bizkorrago etortzeko.

Zorionekoak gu, honenbeste aukera izateagatik. Ai gure amonek ezagutu izan balituzte!

Gaur8 astekarirako, 2009ko Epailla.

Baiña bueno, orduan… ¿haurdunak manipulau leikez, ala ez?

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*