Hesteen paralisia kirurgia ostean

Entre dos tripas ("Heroes del Silencio"ren aldaera)

Sabeleko operazioa izan dutenek ondo dakitenez, hurrengo egunetan digestioa endredatu xamar egoten da. Gure paziente baten kasuaren harira, horri buruzko jakingarri batzuk azalduko ditugu gaur.

Irenek (izen asmatua) gerriko min kronikoa zuen joan den hamar urtean. Guregana etorri aurretik tratamendu asko eginak zituen, eta, hobekuntza izaten zuen arren, hilabete batzuen buruan mina beti bueltatzen zitzaion. Historia klinikoa egin genionean, besteak beste idorreria kronikoa agertu zitzaigun (kaka gutxitan eta minez egiten zuen, gorotz gogorrekin; puzker asko, usainik gabekoak). Askotan gertatzen den legez, ordura arte inork ez zion arazo bien arteko loturari erreparatu. Horretara, tratamendua metamerikoki antolatu genuen, hau da, gerriko hirugarren, laugarren eta bosgarren eta sakroaren lehen eta bigarren nerbio sustraien menpe dauden egitura guztiak kontuan hartuz, sabeleko erraien odol zirkulazioa eta lotailuak barne. Mesederako izan zen: orain denboraldi askoz ere luzeagoak ematen ditu Irenek gerriko min barik, eta, bide batez, idorreriak ere hobera egin du. Urtean pare bat bider etortzen da guregana, gehiagorik ez du behar izan orain arte.


Orain dela gutxi, ostera, umetokiaren tumore onbera aurkitu diote Ireneri. Kirurgiaren bidez kendu diote, konplikaziorik gabe. Hala ere, operazioaren ostean digestio arazoekin hasi da berriro, lehengo bestean edo txartoago: haizeak, idorreria, sabelaren handitasuna eta kongestioa… Aurretik tratamenduak egindako mesedearekin gogoratzen da Irene, baina kirurgia tartean egonik ez daki hori fisioterapiarako oztopoa izango den.

Hori erantzuteko, azal dezagun lehenengo hesteen nerbio sistema berezia. Bi geruza ditu: Auerbachen sareak tutuaren kizkurtze-erlaxazioa kontrolatzen du, eta, Meissnerren sareak, berriz, sekrezioa eta odolaren fluxua. Nerbio sistema hori independenteki aritzen da, nahiz eta garunetik datozen seinale nerbiosoek bere aktibitatea modu garrantzitsuan eralda dezaketen (esate baterako, beldurrak nerbio sistema parasinpatikoaren estimulazioa dakar; horren eragin nagusia esofagoa, sigmoidea eta ondestean izaten da, ondorioz eztarriko korapilo sentsazioa eta kakagura sortuz).

Sabeleko kirurgiak digestio hodiaren paralisia ekartzen du, nahiz eta operazioak hesterik ez ukitu. Sabela ebakitzeak, neurri antiseptikoek eta inguruko erraien manipulazioak digestio hodien inguruko nerbioak narritatzen ditu halabeharrez, eta, gorputzak, hesteen mugimendua indargabetuz erantzuten du. Mugimendu peristaltikoak desagertzean, janariak eta gorotzek ezin dute bidean aurrera egin; kongestio egoera horrek sabelaldeko ondoeza eman dezake, batzuetan janari hartzituan sortzen den gasarekin batera. Hesteen paralisia zenbait egunez luza daiteke; horren ostean, digestio hodia poliki-poliki mugitzen hasiko da berriro. Peristaltismoa berreskuratzen duen lehenengoa heste mehea izaten da; batzuetan sei ordu baino ez ditu behar izaten barruko janariari bultzaka hasteko. Hala ere, sabelak berak lau edo bost egun eman ditzake bere funtzioa normaltasunez bete arte. Kasutik kasura aldea dago, jakina, baina orokorrean konplikaziorik izan ez duten pazienteen digestio sistemaren nerbio funtzioak eta peristaltismoa astebetera normaltzen direla esan dezakegu. Adierazle argienak puzkerrak eta “tripazorri” hotsak izaten dira. Hala ere, digestio sistemako fisioterapia egin aurretik (batez ere erraien osteopatia maniobrak), aste pare bateko segurtasun marjina eman ohi diogu, orbainak sendotu eta konplikaziorik ez daudela ziurtatu arte.

Bibliografia:

  •  Castillo Lorente E., Ruiz Ferrón F., Ruiz Navarro S., Rucabado Aguilar L.  1999. Atención al postoperatorio abdominal y sus complicaciones. In: Principios de urgencias, emergencias y cuidados críticos. Ed. Alhulia, Granada.
  •  Guyton, WF. Tratado de fisiología médica. Ed. Interamericana / McGraw-Hill. p.752-3.

Gaur8rako, 2014ko otsaillan 22xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*