Krisisari buruz, Gaur8-n

Aurreko baten, Gaur8-ko Maider Iantzik hots egin zestan, krisisan lehelengo momentu hónetan ondo gabizen sektorien gaiñeko reportajia egin nahixan zebixala. “Frakadun kobratzaille” bati, zapatero bati, eta Emauseko trapero batekin batera elkarrizketatu nau, eta hori da aste honetako erreportai nagusixa. Esan bihar dot, harrittuta be ba nagola, eze, nere zatikua behintzat neuk esandakuari nahikua fidela da. ¡Kazetarixekin ez da beti hala izaten…!

Krisiak erakutsi digu pieza guztiak lotuta daudela, finantzetan hasitako arazoa bertze eremuetara hedatzen ari baita. Ba al da ba olatu erraldoiak harrapatu ez duenik? Ba al da lana gutxitu ordez gehitu egin den ogibiderik? Oier Gorosabel fisioterapeuta inurriak bezala biltzen ari da gero jateko; Begoña Cabaleiro Emauseko langilea kezkatuta dago eskaerari aurre egiteko gauza gehiago jaso behar dituztelako; Esteban Gil kobratzaileak uste du hurrengo urtean kontratu gehiago izango dituztela; eta Jose Galache zapatariak jendeak oinetakoak izugarri aprobetxatzen dituela kontatu du.

Maider Iantzi
2009ko Uztailaren 02a


Argazkiak.org | Anamnesis © cc-by-sa: txikillana

Oier Gorosabel, fisioterapeuta eta osteopata

Aldea dago fisioterapeuta batzuen eta bertzeen artean: erakunde publiko edo aseguruekin dabiltzanek lan gehiago dute krisi garai honetan eta bere kontura joaten diren bezeroekin dabiltzanek, aldiz, gutxiago. Oier Gorosabel fisioterapeuta eibartarra FisioLanTaldeko zuzendaria da. Kontsulta pribatua dauka eta aseguruekin egiten du lan, mutuekin eta trafiko istripuen eta behargin autonomoen aseguruekin. Bere kontura ere jende anitz joaten da Gorosabelenera.

Lea Artibain egiten du lana, Ondarroan, Markinan eta Mutrikun, eta, azaldu duenez, inguru horretako lantegiek behin-behineko langileak bidali egin dituzte. Hori da lan karga gutxiago dutelako, baina karga hori langile gutxiagoren artean banatu behar da eta, beraz, gertatzen da gelditu direnek agian iaz baino lan gehiago dutela eta, era berean, presio gehiago, beharbada enpresa ez doalako ongi. Orduan estres fisiko eta psikologiko eta neke gehiago dute eta horrek ekartzen du gorputza gehiago hondatzea. Hori izan liteke azalpen bat ulertzeko zergatik hilabeteotan bezero gehiago dituzten, fabriketako edo aseguruetako bezeroak, orokorrean.

«Terapia fisikoak erabiltzen ditugu, orduan, guregana etortzen diren bezeroek orokorrean gorputzeko edo muskuluetako minak, tendinitisa eta erreumatismoak izaten dituzte, esan ahal izango genuke gehien-gehiena bizkarreko minez etortzen den jendea dela. Gero, eskulangileek sorbalda, ukondo edo eskumuturretako patologia muskularrak edukitzen dituzte, mugimenduak errepikatzeagatik edo bestela posturak ordu askoan mantentzeagatik. Bizkarreko minen arrazoi bat hori da, baina estres psikologikoaren menpe den behargin batek ere aukera gehiago ditu bizkarreko mina izateko», agertu du.

«Zer uste duzu gertatuko dela hemendik hilabete batzuetara?», jakin nahi izan dugu. «Bada, aseguruek dirua gastatuko dutela, eta orduan, nahiz eta langileak izorratuta egon, iturria itxi egingo dutela. Esango dute: `Beno, bada, izorratu’, edo bajarekin etxera bidaliko dituzte. Kontuan hartu aseguruak, mutuak, langileen polizekin ordaintzen direla eta euren jokoa izan da poliza asko sartzea eta gastu gutxi egitea osasun-laguntzan. Momentuz, euren kaxak beteta daude, baina langile gutxiago daudelako poliza gutxiago kobratzen hasten badira kontuak ez zaizkie aterako eta orduan hasiko dira iturria ixten. Hortaz, orain aprobetxatu behar dute langileek, gero nekez ordainduko baitute beren poltsikotik», ohartarazi du.

Orain, FisioLanTaldean lan gehiago dute, badakite, ordea, datorren urtean ez dela horrela izanen. «Lehenengo kolpea ez dugu nabaritu, baina bigarrena guk ere jasango dugu, inuzenteak izango ginateke pentsatuko bagenu hau betirako izango dela». Orduan, txitxarraren eta inurriaren istorioan bezala, biltzen ari dira gero jateko.

Oier Gorosabelek aholku bat eman die bezeroei: bere ustez, jarrera burutsua izango litzateke prebentzioa lantzea. «Jendeak oso epe motzera pentsatzen du eta jakin beharko luke ariketa batzuk eginda edo bizimodu osasuntsuagoa izanda, gai izango dela urte guztia minik gabe pasatzeko; askok ulertu beharko lukete hori dela modurik errentagarriena eta merkeena, etxean beren burua zaintzen ikasten badute gero ez baitute inora joan beharrik, ez fisioterapeutarenera, ez psikologoarenera, ez medikuarenera, ez inora. Gure lanaren zati garrantzitsu bat bezeroari bere burua zaintzen erakustea da, baina jendea ez da horretaz jabetzen, eta krisi sasoian hori izan beharko litzateke lehenengo aukera».

Baina lan kontua dagoen bezala, nola ekidin estresa? «Kontua da ikasi egin daitekeela estres egoera bati aurre egiten, badaude teknikak, kirola, begira zer sinplea. Ez dut esaten egoera estresagarri bat kentzeko, hori ez dago gure esku, baina egoera horri hobeto aurre egin diezaiokegu norbere buruari kalte egin barik. Alderdi horretatik, langileak erlaxazio teknikak edo estresa deskargatzeko teknikak erabiltzen baditu, bada lanpostua ez da hobetuko, ez du pieza eskaera gehiago izango fabrikan, baina tentsio egoera horrek ez dio hainbeste kalte egingo». Fisioterapeuta eibartarraren arabera, hori egin daiteke eta jendeak ez du lantzen.

Begoña Cabaleiro, Emauseko langilea

Krisi garaian jendeak gehiago aprobetxatzen ditu arropak, altzariak, oinetakoak, objektu guztiak, eta horregatik, pentsatzekoa da bigarren eskuko dendetan lan gehiagorekin ibiliko direla. Emausek Donostiako Belartzan duen EkoCenter zentroan gero eta bezero gehiago dute, bigarren eskuko gaiak salerostea primerako aukera delako aurrezteko, baita natura zaintzeko ere. Gizarte Fundazio honek sustatzen duen eredua indartzen ari da eta horren seinale da joan den ekainaren 23an Irunen bertze EkoCenter bat irekitzea.
Auzolan kalean dago, lehen Renault zegoen tokian. Bigarren eskuko objektuak kudeatzeko eta saltzeko Gipuzkoan zabaldu duten bigarren zentro handia da, hondakin gutxiago sortzeko eta kontsumo sozial eta arduratsua bultzatzeko asmoz. Arlo horretan erreferente dira Europan. Zentro berri honekin, Bidasoako eskualdeko etxez etxeko bilketa zerbitzua eta bigarren eskuko altzari, arropa eta bertzelako gaien salmenta zabaldu eta hobetu nahi dute. Orain arte Anaka auzoan izan dute biltegia eta zortzi lanpostu izan dituzte. Postu horietaz gain, bertze hogei sortuko dituzte heldu diren bi urteetan.

Belartzako EkoCenterren bezala, denetariko objektuekin lan egiten dute Irunen eta, gainera, stock handietako produktuen eskaintzetan espezializatu dira. Bilketa handiak egiten dituzte, adibidez, hotel bateko altzariak jasotzen dituzte, edo enpresa bat ixtean erabili gabeko produktu ugari hartzen dituzte, bertze erabilerarik izanen ez luketen produktuak. Elektrizitatearekin eta elektronikarekin lotutako bigarren eskuko objektuek ere leku berezia dute.

Ingurugiroaren Iraunkortasunerako Hezkuntza Saileko Begoña Cabaleirok azaldu digunez, orain dela lau urte Donostian hasitako lanarekin objektu handien, ehunen eta liburuen bizia luza daitekeela frogatu dute, lana behar duten kolektiboei aukera emanda, gainera. Objektuei «bigarren bizitza bat» emanez, ingurugiroari mesede egiten diote, lanpostuak sortzen dituzte, diru gutxi daukan jendeari produktuak erostea ahalbidetzen diete eta kontsumo arduratsua sustatzen dute. Ekintza batekin hamaika helburu betetzen dute. Horren erakusgarri dira zenbakiak: aurtengo lehenbiziko hiruhilabetekoan, hilero batez beste 5.055 erosle izan zituzten Donostiako EkoCenterren. 2008an 4.650 izan ziren eta 2007an 4.200. Gero eta erosle gehiago dituzte, hortaz. Eta azken hilabeteotan oraindik nabarmenago sumatu dute igoera. Cabaleiroren arabera, datuok adierazten dute Emausek eragindako kontsumitzeko modua sendotzen ari dela. «Krisiarekin lotuta dago gorakada, baina EkoCenter indartu den seinale ere bada. Hainbat bezero mota ditugu, horien artean etorkinak; bestela ezingo lituzkete beharrezko gauzak lortu. Bestelako publiko bat ere sortzen ari da, gazteena, horiek kontzientziatuago daude eta kontsekuenteagoak dira. Bitxikerien eta objektu zaharren bila etortzen diren pertsonak ere badaude».

Emauseko langileak erran digu eskaera igotzeak kezkatu egiten dituela, etxez etxe lehen baino gauza gutxiago edo lehen beste jasotzen dutelako eta eskaerari erantzuteko gehiago bildu behar dutelako. Jende anitzek oraindik zaborrontzietan uzten ditu objektuak eta horietako gehienek zabortegian bukatzen dute, nahiz eta aprobetxatu zitezkeen. Horrek pena handia ematen die Emausekoei, ingurumena babesteko eta behar duten komunitateak lanean integratzeko aukera galtzen delako. Etxez etxeko bilketarekin bi helburu horiek betetzen dituzte. Cabaleirok biltzeko moduaren garrantzia nabarmendu du. Izan ere, objektuak kalean uzten baditugu, eguraldiaren mende egonen dira eta gauza batzuk hondatu eginen dira euria egin eta bustitzen badira. Hondakin bihurtuko dira han uzteagatik soilik.

Esteban Gil, kobratzailea

Krisiaren zurrunbilotik zer langilek ihes egin duten pentsatzen jarrita, berehala bururatu zaigu: kobratzaileak! Seguru horiek lan piloarekin dabiltzala, izan ere, jende guztia zorrak ezin ordaindu ari dela ematen baitu.
Kobratzaileen artean ezagunenak, beharbada, fraka jantzita ibiltzen direnak izanen dira; nork ez ditu noiz edo noiz ikusi telebistan? Kalean agian ez hainbertze, ez da komeni ere, gainera! Bada, kobratzaile horiek Madrilen dute egoitza nagusia eta handik Estatu espainiar osora, Portugalera eta Parisera zabaldu dira. Munduko bertze edozein tokitako bezeroak ere hartzen dituzte. Euskal Herrian badute bulego bat, Bilbon; hain zuzen ere, bertan harrapatu dugu Esteban Gil langilea.

Gure susmoak baieztatu ditu eta krisia dela-eta anitzez lan gehiagorekin dabiltzala kontatu digu. Bezero gehiago dituzte eta bisita gehiago egin behar dizkiete zordunei zerbait lortu nahi badute.

Frakeko kobratzailea aipatuta, traje, kapela eta maletadun gizon dotore bat etortzen zaigu burura. Hau zordunaren gibeletik ibili ohi da beti, inguruko guztien arreta bereganatuz, gizajoa erabat lotsarazi arte. Horrela lortzen du dirua. Baina, beti gertatzen den bezala, telesail eta pelikuletan agertzen dena eta errealitatea ez datoz bat. Gilek argitu digunez, kobratzaileak noizean behin soilik janzten dira horrela, kasu zehatz batzuetan, eta xedea lortzeko erabiltzen duten bitartekoa hori baino sinpleagoa da: zordunari bisita egitea, bertzerik ez. Hori da zorduna mugiarazten duena, inori ez baitzaio gustatzen kobratzailea lantokian edo etxean izatea. «Lehen, bisita batekin akordioa lortzen genuen; orain, krisiaren eraginez, gehiago kostatzen zaigu, bisita gehiago egin behar ditugu».

Bilboko langileak azaldu duenez, enpresekin lan egiten dute; bai bezeroak bai zordunak enpresak dira. Ez diote gose denari ahotik ogirik kentzen. Zordunak «profesionalak» eta bizi maila onekoak dira eta bezeroek hagitz zaila izaten dute kobratzea. Anitzetan, galdutzat ematen dute dirua. Mota horretako zordunekin lan egiten duen Europako kobratzaile enpresarik handiena da frakekoena. Hogei urte baino gehiagoko ibilbidea egina dute dagoeneko eta Esteban Gilek gogora ekarri duenez, 80ko hamarkadatik ideia batekin lan egiten dute: indarkeriaren aurka daude eta ez dute mehatxurik egiten helburua lortzeko.

«Orain dezenteko zorrak pilatzen ari dira. Hala ere, horrek ez du esan nahi enpresa guztiek gure zerbitzuak eskatu dituztenik. Eskaerak gehitu egin dira, baina zorrak askoz gehiago. Uste dut hurrengo urtean kontratu gehiago izango ditugula eta kobratzea errazagoa izango dela», agertu du. Normalean, kobratzen duten zorra ez da aurreko hilabetekoa izaten, urtebetekoa edo gehiagokoa baizik, eta zorrak ez dira ardoa bezalakoak, zenbat eta zaharragoak izan orduan eta okerrago da, zailagoa baita kobratzea.

Eraikuntza izan da krisiak gehien erasan duen sektoreetako bat eta arlo horretako enpresekin lan anitz egiten ari dira hilabeteotan kobratzaileak.

Zordunei ordainarazteaz gain, datu-bankuak osatzen dituzte. Telefono dei bat egin eta operadoreek zordunak aurkitzen dizkiete banku horietan bezeroei, baita txosten onak izanda ere zordunak direnak edo zordun izan direnak ere. Merkataritza txostenekin ere lan egiten dute: kudeatzaileek informazioa bilatu eta egiaztatzen dute. Bulego juridikoek eta merkataritza ikertzaileek laguntzen dute kobrantzak kudeatzen.

Jose Mari Galache, zapata konpontzailea

Amarako Katalina Erauso kalean du lantegia Jose Mari Galachek. Sartu eta takoiak, barne-zolak, babesleak, lokarriak ikusi ditugu; horma batean apalak konpondutako oinetakoz bete-beteta; eta atzerago, barrurago, josteko makinak, eztenak edo larrua zulatzeko erabiltzen diren tresnak, donostiarrak lanerako behar duen teknologia guztia. Lehen, etxeetako atarietan aritzen ziren zapata konpontzaileak eta zenbait egunen ondotik egunkari paperetan bilduta itzultzen zizkieten oinetakoak bezeroei. Langile horiek seme-alabei erakutsi zieten ogibidea eta hauek anitzez ere azkarrago eta errazago egiten dituzte lanak aurrerapen teknikoei esker. Galachek eta tailerrean berekin aritzen den langileak 30 zapata pare konpontzen dituzte egunean.

Orain krisiaren eragina nabaritzen dute pixka bat; jendeak gehiago eramaten ditu oinetakoak konpontzera. «Badut lagun bat arropak moldatzen dituena eta hark ere gauza bera sumatzen du. Jendeak zapatak izugarri aprobetxatzen dituela ikusten dugu, gehiegi, agian. Askotan ez du merezi, badira gauza moldaezinak», azaldu du zapatariak. %40-50 egin du gora euren eskariak, batez ere zolak, tapak eta takoiak konpontzen dituzte, baita barne-zolak ere.

Beti bezero bertsuekin ibiltzen da Galache, gehien-gehienak emakumeak dira. 18 urteko neska gazteek erabiltzen dituzten takoi mehar-meharrak anitz hondatzen dira eta horiekin lan egiten du, eta oinentzat onak eta sendagarriak diren zapata zabalekin ere bai. Horiek emakume adinduek janzten dituzte gehienbat.
Batez ere Easo kaleko zapata konpontzailearekin du harremana Galachek. Gainerakoen berri ere badu eta denak antzera dabiltzala baieztatu du, gunearen arabera lan gutxiagorekin edo gehiagorekin, baina, orokorrean, berdintsu. Etorkizunari buruzko iragarpena eskatu diogu eta gakoa bezeroak kontent uztea eta zaintzea dela erantzun digu. «Gero, krisiak hartzen duen norabideak ere izango du eraginik, baina izan dugun igoera ere ez da hain handia izan, beti eduki dugu lana».

Ongi ezagutzen du ogibidea. Orain 42 urte ditu eta 15 zituenetik ari da lanean. «Aitak sortu zuen tailerra eta ikasketetarako balio ez nuenez, berekin ikasi nuen. Mutikoa nintzela hasi nintzen eta jarraitu egiten dut. Gauza batzuk gaineratu ditut, makinaria berritu, urtero zerbait berria ateratzen da. Zapatarien eskolarik ez dago apenas (duela urte batzuk Madrilen ezagutu nuen bat) eta gurasoek erakusten diete seme-alabei lanean. Ortopediako ikastaroak badira, gurearekin lotuta daude pixka bat, baina uste dut orain honetan ari garenok gurasoengandik ikasi dugula», adierazi du. Berak ere baditu umeak, hagitz txikiak oraindik, eta jolasten ibili izan dira behin edo behin josteko makinekin-eta. Aitak nahiago luke etorkizunean zapatari ez izatea, «nahiz eta lana ez den gogorra eta ez den ahalegin handirik egin behar. Jarraitu egin behar da, orduak eman».

Bigarren eskuko gaien salerosketa bezala, zapatak konpontzea aurrezteko modu bat izan daiteke. Adibidez, ezkontza baterako oinetakoak erosi beharrean zaharrak moldatzeak anitzez ere diru gutxiago balio du. Sebago markako zapatak erakutsi dizkigu; 240 euro inguru balio dute eta berak 30 euroren truke konpontzen ditu. Aldea izugarria da.

Merkatu txinatarraren eragina sumatu du Galachek. 10 edo 20 euroan ari dira saltzen oinetakoak eta horiek konpontzeak ez du merezi. Hezetasuna ekiditeko silizio poltsa pozoitsuek alergia eragin dezaketela zabaldu zen, baina donostiarra bertze zapatari batzuekin solasean aritu da horretaz eta arazoa zapaten osagaietan dagoela ondorioztatu zuten, plastikozko oinetakoak egiten dituzte eta azalarentzat kaltegarriak dira. Oinetako onak erabiltzea aholkatzen du Amarako zapatariak.

Krisian nabaritu duen bertze gauza bat jendeari zapatak jasotzea kosta egiten zaiola da. Hala ere, beti gelditu izan zaizkie urte bukaeran hogei bat zapata pare, ez ordaintzeagatik utziak edo ahaztuak. Izan ere, batzuek 40-50 oinetako pare dituzte eta hainbertze izanda ez dituzte faltan ematen.

Denboraldi aldaketak onak dira zapata konpontzaileentzat, neguko oinetakoak gorde eta udako sandaliak ateratzen diren garaia, udaberri-uda, baita udazkena ere. Bisitaren unean hautsitako sandalia tira meheak konpontzen ari zen eta oinei eusteko gomak jartzen ere bai. «Hagitz oinetako sinpleak dira, autotik jatetxera eta jatetxetik autora ibiltzekoak». Oinetako pare bat ekartzen diotenean larruari jartzen dio arreta, larrua ongi egotea baita garrantzitsuena. Zuloak izatea ez da larria, adabakiekin estal daitezke.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*