Ortorexia: elikadura osasungarriaren obsesioa

Irudixa: metroactive.com
 Naturistatzat du Josebak du bere burua eta kezka handia du jatekoarekin: barazkiek ez dute ongarri kimikoekin egindakoak izan behar, oiloen pentsua ez da transgenikoa izan behar, ardura handiz irakurtzen ditu erositakoaren etiketak gehigarriak ekiditeko… Etxetik kanpo dabilenean, kezka baten pasatzen du denbora Josebak, jaten ari den horrek bere irizpide zorrotzak beteko dituen edo ez jakin ezinda. Sarri egiten zaio tripako mina halakoetan, zein pestizida edo ustelkeri jaten ari den imajinatuta.
Etxean dagoenean egoera bestelakoa da: Josebak ongi irabazten du, eta beraz ez du arazorik orai japoniarrak, Tiroleko sagarrak, Galiziako arrautzak, Mongoliako gatz minerala eta munduko beste puntako gai garestiak erosteko, ekologikoak betiere.
Etxe osoan osasuna zaintzeko hainbat elementu ere baditu: Tibeteko katiluak,  iturrietarako ur araztaileak, eremu magnetikoa zaintzeko gailuak, propietate desberdineko harriak… Garrantzi asko ematen dio osasunari eta beldurrez egoten da minbizia zerk eragin diezaiokeen pentsatzen: kaleko autoen keak, argi-indar linea handiek, gluzido, proteina eta lipidoen arteko orekak, jende multzoetan egoten diren bakterioek, eguzkiaren izpi ultramoreek…

Josebak arazoa du, baina bere buruarekin: obsesionatuta bizi da, eta bere osasunaren lema izuari utzi dio. Horrela segituz gero etxean geratuko da giltzapean, munduko erasoen beldurrez. Aurrerabidearen eta bizimodu modernoaren ikuspegi kritikoa mantentzea ona da. Izan ere, dudarik gabe, bizimodu modernoarekin oso lotuta daude azken urteotan ugaltzen ari zaizkigun ustez sendaezinak diren gaixotasun horiek: «fibromialgia», neke muskular kronikoa, kolitis ultzeraduna, artritis erreumatoidea, depresioa, minbizia… Hala ere, ikuspegi kritiko osasungarri hori benetako ortorexia patologikoa bihur daiteke, eta janari garbi eta naturalak kontsumitzearen beharra antsietate iturri. Zein da bada jarrera egokia? Gaixotasun bat badugu, haren jatorria ezagutzen ahaleginduko gara profesional egokien laguntzaz, eta gure elikadura eta ohiturak aztertuko ditugu ea aldatzeko ezer badagoen jakiteko.

Gaixotasunik ez duten pertsonak, berriz, lasaiago ibil daitezke. Ez dagoen lekuan ez da arazorik bilatu behar, eta ideia paranoikoak burutik kentzea da lehen eginbeharra. Hortik aurrera, gauza ona izango da, noski, manipulazio genetikorik, botikarik edo gehigarririk gabeko elikagaiak aukeratzea. Hori bai, betiere zentzuz eta errealismoz jokatuz gero.

Izan ere, bere osasunaz arduratzen den edozeinek jakin beharko luke naturari egiten zaion edozein kalte gure buruari kaka egitea bezalakoa dela; eta horretara, Japonian ekologikoki ekoitzitako gai batek bere ekologikotasun guztia galtzen duela handik honako 20.000 kilometroak hegazkinez egiten dituenean. Gorputzaren autosendatze ahalmena ere kontuan hartu behar dugu. Esaten denez, pertsona normalen zeluletan egunero sortzen dira dozenaka mutazio txiki, arrazoi askorengatik (elikagaiak, uhin elektromagnetikoak…). Zergatik ez dira minbizi bihurtzen? Gorputz osasuntsu batek zelula horiek suntsitzen dituelako. Defentsa ahulak dituen pertsona batzuk, ostera, ezin izaten diote eutsi zelula mutante hauen ugaltzeari eta denborarekin minbizia garatzen dute. Azalpen eskematiko honek beste hainbat gaixotasunendako ere balio du.
Laburbilduz, hurrengo bi jarrerak uztartu behar dira ortorexian ez jausteko: batetik produktu onak kontsumitzea (ez zikintzeko), eta bestetik gorputza sendotzea (zikina garbitu ahal izateko). Osasunaren kezkak ez digulako inolaz ere bizipoza, lasaitasuna eta umorea lapurtu behar.
Gaur8rako, 2008ko gabonilla.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*