Sinusitisa

Irudixa: Joseph B. Jacobs

Gaurkoan gaitz «misteriotsu» honi buruz arituko naiz, betiko legez terapia fisikoaren ikuspegitik, irakurle baten iradokizunari jarraituta. Aurretik sinuei buruzko azalpenak eman beharko ditugu hala ere, sinuak, aurpegiko parte badira ere, nahikoa ezezagunak baitira. Sinuetan ez delako inolako prozesu fisiologiko ezagunik ematen; haien funtzioa estrukturala da batez ere. Sinua hezurraren egitura antolatzean gertatzen den berezitasuna da, zer edo zelan esateko.

Sinuak zer diren ulertzeko, nerabezaroko hazkunde prozesuetaraino jo behar dugu. Aro horretan gertatzen den aldaketa nabarmenenetakoa aurpegiaren eraldaketa dugu: hil gutxiren buruan, gure umetxoaren musuak ez ezagutzeko moduko forma berria hartzen du. Umetzaroko hezur txiki eta trinkoak puztu egien dira, eta zuzen ari naiz puztu diodanean, hazkunde horretan ez baita hezurraren dentsitatea mantentzen -material gehiegi alperrik gastatzea litzateke-. Horren ordez, hezurra aroldu egiten da; eta egitura berrian habe nagusiak baino ez dira mantenduko, eliza gotikoetan legez. Eta horietan bezala ere, leku batzuetan haberik gabeko hutsune handiak sortuko dira; sinuak, hain zuzen ere.

Sinuen funtzio nagusia, beraz, hutsik egotea da, egitura mantentzea hezurrak pisu gehiegi har ez dezan. Hala ere, zeharka, beste prozesu batzuetan ere sartzen dira sinuak: usaimenean, ahots modulazioan, arnasaren tenperaturaren eta hezetasunaren erregulazioan… Izan ere, sinuak arnasbideak inguratzen dituzten hezurretan kokatuta daude nagusiki, eta horrek garrantzi handia du sortzen diren arazoak ulertzerako orduan. Ikus dezagun zergatik.

Arnasbideetan kanpoko haizea joan-etorrian dabil eten barik, eta harekin batera germen kutsakorrak, jakina. Sinuak arnasbideekin komunikatuta daude, eta, beraz, errez xamarra da germenotako batzuk haietaraino ailegatzea. Istorioaren amaiera ulerterraza da: sinuen estalgarri den mukosa kutsatzen da, infekzioa garatzen da eta kroniko bihurtzen da, sinuen odoleztatze eskasari esker.

Azken hori irakurrita, galdera logikoa egin diezadakezue: germenak sinuetara ailegatzea hain erreza bada, zergatik ez dugu pertsona guztiok sinusitisik? Erantzuna, beste askotan legez, osasun ohituretan aurkitzen dugu: immunitate sistema ondo duen pertsonak, germenak heldu ahala akabatuko ditu. Immunoeskasia kasuetan, berriz (ume hiperbabestuak, esate baterako) defentsa gutxiago daude infekzioari aurre egiteko; eta kontuan hartzen badugu sinuen inguruko odol zirkulazioa berez dela eskasa, germenak hazi eta garatzeko leku ezin aproposagoa aurkituko dute hutsune horietan.

Azken datu horrek azaltzen digu fisioterapeutok egiten dugun tratamenduaren muina, helburu nagusia sinuen inguruko zirkulazio eskasa bultzatu eta hobetzea baita, gure defentsei bertarainoko bidea erraztuta. Lan horretarako esku terapia erabiltzen dugu nagusiki, osteopatia kranialezko maniobrak zehatzago esanda; horren barruan kranio eta aurpegiko hezurren arteko artikulazioen orekatzeak paper garrantzitsua du. Ez gutxiago banakako hezurren malgutzeak, urteen eraginez, sinuen infekzioa duten hezurren zuntzak elastikotasuna galdu eta arazoa kroniko mantentzeko faktore gehigarri bihurtzen baitira.

Gaur8rako, 2011ko Uztailaren 15a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*