Dupuytrenen gaixotasuna

Istanbulgo Santa Sofia tenpluko pantokratorra. Irudia: CC-BY-SA Doseman.

Badakizue nola Jesu Kristoren irudietan eskuarekin bedeinkazio keinua eginez agertzen den? Ahurra erakutsiz, erpurua, hatz erakuslea eta erdikoa luzaturik, eta beste biak bilduta. Bada, horrela gelditzen zaigu eskua Dupuytrenen sindromeak jotzen gaituenean. Hau gradu ezberdinetan gerta daiteke, bistan da: posible da guztiz zuzentzeko pixka bat falta izatea, eguneroko bizitza oztopatu bai, baina eragotzi barik; edo posible da atzamarra guztiz kakotuta gelditzea, eskuaren erabilera egokia ezinduz. Arazoaren gradu honen araberakoa izango da tratamendua; baina edonola ere, osagileen arteko elkarlana ezinbestekoa izaten da.

Arazoa Guillaume Dupuytren medikuak 1831n izendatu bazuen ere, betidanik gure artean izan dela esan daiteke: lehen kasu dokumentatua 1614koa da, eta aurten argitaratu den ikerketa genetiko batek erakutsi du gure arbaso neandertalengandik jasotako informazio genetikoaren artean dagoela Dupuytrenen gaixotasunarekin lotutakoa; gaur egun ere, Europako populazioan agertzen da nagusiki (Asiako, Afrikako edo Ameriketako jatorrizko pertsonen artean baino nabarmen gehiago), eta bereziki, normandiarren eta bikingoen ondorengoetan. Genetikaz gain, nahiko argi dagoen beste faktore bat da esku lanetan urte askoz aritzea; baita alkohola eta tabakoa kontsumitzea ere.

Gertatzen dena hobeto uler dezagun, jakin behar da esku ahurrean badela aponeurosis palmaris izeneko egitura bat: eskuaren tendoi, muskulu, giltzadura eta hezurrak eusten eta babesten dituen estalki bat da, sendoa, baina era berean elastikoa, azalaren azpian erraz uki dezakeguna. Dupuytrenen gaixotasunean, aponeurosis palmaris-ean zuntz berriak lekuz kanpo sortzen dira, aponeurosiaren elastikotasuna galaraziz eta luzera laburtuz: lehen faseetan korapiloak bezalako gogorguneak sortzen dira, kanpotik erraz uki daitezkeenak. Esku ahurreko tolesturetan egoten direnez, pazienteak kailua dela pentsatu ohi du (gogoratu asko esku langileak direla), eta horrenbestez, ez dio garrantzi handirik ematen. Arazoak aurrera egin ahala, ostera, korapilo puntual horiek soka luzearen forma hartzen dute, eta eskua guztiz irekitzea oztopatzen diote. Normalean orduantxe joaten da pazientea osagilearengana. Lehen faseetan badago, eskuaren gogortasuna oraindik ez da handia izango, eta tratamenduaren helburua sindromearen garapena ekiditea edo leuntzea izango da. Horrelakoetan zenbait aukera terapeutiko egoten dira, hala nola erradioterapia (X izpien bidez zuntz berrien sorrera eragoztea), aponeurotomia perkutaneoa (orratzekin aponeurosiaren kizkurdura desegitea) edo farmakoen injekzioa (kolageno gogorguneak suntsitzeko helburuarekin). Gaixotasuna aurreratuta badago, berriz, aponeurotomia kirurgikoa izaten da aukerarik onena; operazioa eginez, kizkurtutako egiturak askatu eta eskua ahal bezainbeste zuzentzea, alegia. Guk, fisioterapeutok, orduan ikusi ohi ditugu paziente gehienak: operazioaren ostean etortzen zaizkigu, zanbroa malgutzeko eta mugikortasuna hobetzeko beharrezkoak diren terapia fisikoak egitera. Eboluzioa oso aldakorra izaten da paziente batetik bestera (are, paziente beraren esku batetik bestera ere; askotan Dupuytrena bi eskuetan agertzen baita), baina askotan interbentzio hauekin hobekuntza nabarmena izaten da, eta horregatik merezi du saiatzeak.

***********

Gaur8rako, 2023ko iraillan 2xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*