Fisioterapia kontsulten burbuila

Itotako fisioterapeuta bat.

Agian, zure inguruan azken urteetan fisioterapia zentro berri ugari ireki dira. Ni bizi naizen lekuan behintzat horrela da, eta esango nuke joera orokorra dela. Printzipioz, gure zerbitzuak kontratatzen dituztenak (pazienteak eta osasun aseguruak, eskuarki) pozik daude, fisioterapia zerbitzuen eskaintza zabala eskura baitezakete, salneurri gero eta merkeagoetan. Baina egoera honek “B aldea” ere badu, eta gure kolektiboaren barruan alarmak pizten hasiak daude; batez ere, lankide asko fisioterapeutak kontratatu nahi eta ezinean dabiltzalako. Foro korporatiboetan sartuz gero, ezin konta ahala iragarki aurkituko dituzue, iragarleen kexekin batera: “Inork ez digu curriculumik bidaltzen. Eskaintzen ditugun baldintzak ez dira hain txarrak, bada! Jendeak ez du lanik egin nahi ala?”. Eta hor dabiltza, lanez gainezka, eta oporrik hartu ezinda, ordezkorik aurkitzen ez dutelako. Egoera paradoxikoa da, gainera, Euskal Herrian urtero ehun bat fisioterapeuta berri ateratzen baitira unibertsitateetatik; eskaintza handia da hori, gure kolektiboak duen eskarirako. Non arraio aurkitzen dute lana tituludun horiek guztiek? Egoeraren gakoa geure baitan dago. Duela hamabost bat urtera arte, kolegiatutako fisioterapeuta gehienek osasungintza espezializatuan lan egiten zuten (ospitaleak eta beste). Ordutik hona, lehen mailako arloan (zentro pribatuak, nagusiki) jarduten dugunon kopurua asko handitu da, proportzioa iraultzeraino; gaur egun, arlo pribatuan lan egiten dugun fisioterapeutak gara gehiengoa, eta gora egiten jarraitzen dugu.

Puntu honetan, gure kolektiboaren ezaugarri bat aipatu behar dugu: fisioterapia oraindik lanbide “gaztea” da beste osasun diziplinen aldean, eta honek nolabaiteko konplexuak sortu izan dizkigu. Gaur dakargun gaiari lotuta dago, adibidez, gure lana ez dugula behar bezala balioesten: asko kostatzen zaigu gure zerbitzuek balio dutena eskatzea, dela saioen prezioa ezartzean, dela pazienteek kale egiten dutenean saioa kobratzean, dela osasun aseguruei tarifa duinak erreklamatzean. Horretara, bezeroak gutaz aprobetxatzen dira, eta fisioterapia pribatuan oso arrunta da lanaren irabaziak oso txikiak izatea. Adibide konkretu bat: nire kontsultan, urte asko eman nituen gastatutako 100 euro bakoitzeko 103-110 euro inguru irabazten. Ekonomiaz pixka bat dakien edozein (ez zen nire kasua) konturatuko da, zenbaki horiekin lana ez dela errentagarria. Nik, zorionez, ikasi nuen, baina lankide gazte askok egin ohi duten akatsa da hori. Baina, esan bezala, belaunaldi berriak etengabe datozenez, zikloa behin eta berriro errepikatzen da eta orain bizi dugun burbuilaren arrazoi nagusietako bat hauxe da.

Ohikoa denez, burbuila puzten ari den fisioterapeuta lanez lepo egongo da: hots egiten diozunean, ezingo dizu txandarik eman hurrengo egun edo asteetan baina, halere, hilabete amaieran ez du izango apenas irabazirik (bera ez da konturatzen, kontabilitatea eramaten ez dakielako). Egoerarekin itota, beste fisio bat kontratatu nahiko du, baina enpresak irabazirik ematen ez duenez, ezingo dio soldata onik ordaindu; horretara, langileek gutxi iraungo diote eta ezin izango du ordezkorik aurkitu. Lanik gabe dauden fisioek, berriz, panorama honen aurrean ondorioztatzen dute ez diela merezi inorentzat lan egiten hasteak, eta nahiago dute beren kontsulta propioa ipini. Akats berean erorita, zikloa belaunaldiz belaunaldi errepikatuko dute… Gurpil zoro honen emaitza gaur bizi dugun fisioterapia-kontsulta saturazioa da. Noiz arte puztuko da burbuila? Ezin jakin, baina kateak maila ahulenetik hautsi ohi dira…


Gaur8rako, 2023ko bagillan 8xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*